XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eurokaz goaz gu be, Trapagaren zear, Barakaldo, Sestao, Portugalete ta Santurtzi aldetik asko erasten jakuzala.

Lo jentea bazterretan; Ortuella, Gallarta, Karrera... Muskiz, Pobeña, itxas-egala guretzat gomutaz zamatua.

Sopuerta, Montellano, Sodupe, Zalla ta Balmatseda'rako bideak doazanez beterik.

Eta etsaien egazkiñak guri jarraika, eten barik, gu bonbaz bildur-azo ta lertu naiean.

Gabaz suzko lerkaiak zabaltzen dabez bideak zear dabiltzenak argitu ta obeto arrapatzeko.

Txori arrapakiñak sabel-miñez.

Lau bat egun emon genduzan Somorrostro aldean, Zalla, Errera ta Balmatseda'ra orduko (emen geratu jatan Aita Olasagerre, bere sinedeakaz.

Nik geroago, egun eta ibilte triste areik gogora ekarriz, Oiñazepean deritxon olerkia, lau zatitan ogei estrofa daukazana, arildu neban.

Onela diño lenengo sailleko irugarren aapaldiak:
Eta... ba-goaz
erakaitz, illun altzotik,
sabel azpiko
erra gainditu eziñik,
oraindiño be
etsai dogula orpotik;
ba-goaz bidez,
nora ezean, tristerik
.

Ez goaz baiña igeska, ez goaz pekatuz loiturik; kezkak ez dausku jaten barrena.

Samiñez, atsekabez, ostera, goaz bideak urratuz, nora ezean; geurea izteak dakarskun naigabeak jota.

Geure lurra dogu oraindik zapaltzen, baiña geure-geuretik erauzi ta jaurtiak gara.

Begiak malkoz! Odoletan biotzak!.

Zalla ta Balmatseda bitarteko Errera'n, Euzko Gobernuak lez, guk be egotaldi laburra bota dogu.

Bezi'n beste egun batzuk, sorbaldaz Kolitza tontorra daukagula: geroago alkar jote gordiña jazoko da emen, Kolitza'ko San Pedro baseliza inguruan diñot.

Etsaien egazkiñak ez euken atsedenik.

Emen aske itxi genduan atxillo genkarren beste pillo bat.

Errera, Zalla, Bezi ta aruntzago Villaverde, Bizkai barruan dagoan eta erriz Santander erdikoa dan erritxoa be oso-osoan austu ta ezereztu eben egun areitan.